Xabi Paya

komikipediatik
Hona jauzi: nabigazioa, bilatu

Xabi Paya 1982 urtean Getxon jaiotako kulturgilea da. 'Nork' eta 'Nori' komikien gidoilari izan zen, Patxi Gallego irudigilearekin elkarlanean Bertsolari Aldizkariaren enkarguz.

Wikipediaren arabera interpretazio eta itzulpengintza eta piano ikasketak egin zituen eta itzultzaile, bikoizlar eta irakasle lanetan ibilia da.

 Fredi Paia anaiarekin batera eman zuen izena Algortako Bertso Eskolan eta 2006an Bizkaiko Bertsolari Txapelketa irabaztea lortu zuen. Bertsozale elkartean aritutakoa da, bertso irakaskuntzan, epaile, gai-jartzaile, ikerlari....

2013 urtean 'Ahozko Euskal Literaturaren Antologia' liburua argitaratu zuen. Itzuli dituen autoreen artean daude Calderón de la Barca, Anna Gavalda, Marie Darrieussecq, Geraldine  McCaughrean, Tennessee Williams...

'Donostia 2016ko Europako Kultur Hiriburua' egitasmoaren arduradun nagusien artean egon zen.

KOMIKIGINTZA

2007an "Bertsotramarraskiya" proiektua garatu zuten Xabi Paya bertsolariak eta Patxi Gallego marrazkilariak

Bilboko Udalak euskara eta euskal kulturako ekintzen hilabete baten antolakuntza eskaini zion Euskaltzaleon Topaguneari, eta Aiora Azagirre Xabi Payarekin jarri zen harremanetean "zerbait berria, gaztetxoei zuzendurikoa" egin nahi zutelako.

'Hibridazioake ta esperimentuak' Bertsolari Aldizkariko 2013ko aldizkarian Xabi Payak hauxe zioen: “XXI. mendean bizi gara eta gazteek jada ez dituzte liburuak irakurtzen, bideoak ikusten dituzte." Jarduera berritzaileari "hitzaren indarra ezin zitzaion kendu, bertsoa hitza delako batez ere, baina elementu audiobisual gisa saldu beharra zegoela oso klaru izan nuen hasieratik."

Topagunekoei Xabi Payak bi baldintza jarri zizkien:

Batetik bertsolariak alboetara eta irudia erdian kokatzeko zine pantaila bat,eta, bestetik, Patxi Gallegok izan behar zuela marrazkilaria. “Ni garai hartan Xabinaitorren jarraitzaile itsua nintzen. Komiki horrek ekarri zuen aire berri postmoderno apurtzailea zoragarria iruditzen zitzaidan. Iruditzen zitzaidan sintonia ona izan genezakeela eta gaztetxoentzat oso egokia izan zitekeela”, dio Paiak.

Patxi Gallegoren hitzetan: “Xabinaitorrek omeopatari esaten zion bezala, ni euskalduna naiz betidanik eta bihotzez, Benito Lertxundiren Orreagak bere garaian erabat markatu ninduen, baina bertsozalea ez naiz izan. Badakit zein diren bertsolariak, eta prentsa arrosakoak baina gehiago jarraitzen ditut, baina bueno…” Baiezkoa eman zuen hala ere. Zergatik animatu zen galdetuta ez dauka oso garbi: “Hori ari nintzen ni pensatzen, zergatik esan nuen baietz. Galdera ona. Ezetz esaten ez jakiteagatik agian… Egia esan garai hartan beste gauza batzuei eman nien ezezkoa. Nik uste dut irudia zeukalako esan niola baietz. Xabinaitor bukatu eta lehen gauza ETBrako ekoiztetxe batek gidoilari bezala aritzeko proposatu zidan, baina nik komikia nahi dut egin. Gero ez naiz oso bertsozalea izan, baina euskal kulturaren baitako sentitzen naiz, eta inguru horretan zerbait berria egiteko proposatzen badidate interesgarria iruditzea ere litekeena da”.

Paiak trama bat prestatzen zuen, Gallegori pare bat egun lehenago pasatzen zion, eta saioan bertan bertsoak entzun ahala egiten zituen marrazkiak errenteriarrak. “Benetako hibridazioa izateko ezinbestekoa zen marrazkiak bertsoek egiten zuten bidearen arabera sortuak izatea, bat-batekoak izatea. Hori beretzat deserosoa zen, baina ez nuen nahi aldez aurretik egindako marrazkiak tartekatuko zituen norbait”, esplikatzen du Paiak. “Aberasgarria izan zen, noski. Baina botatzen nituen izerdiak… Ez dakit zenbat irauten zuen baina maratoi bat zen niretzat. Hauek, bertsolariak, inprobisaziotik bizi dira, eta nahikoa natural ateratzen zaie. Ni, ordea, justu kontrakoa naiz: probak egin, zuzendu, xehetasunak zaindu, etxean goxo-goxo. Eta erabat nekatuta bukatzen nuen, bai fisikoki, bai mentalki”, dio Gallegok. “Agure bat zarenean eta Altzeimerrik ez daukazunean eskertuko didazu” jotzen dio adarra bertsolariak.

Bertsotraman bezala pertsonai bana egokitzen zitzaion bertsolari bakoitzari. Eta agurretan bertsolariak zineko pantailan ikusten zuen nola Gallegok bere pertsonaia horren irudia osatzen zuen. Marrazkilariak bertsoari jarraitu behar zion, baina bertsolariek ere hitzetatik beharrean irudietatik abiatuta egin behar zuten beren lana. “Amaren poltsa ireki eta hau aurkitu duzu botatzen nuen gaia eta isildu egiten nintzen. Patxi marrazten hasten zen eta pantaila handian ikusten zen poltsa barruan esku-burdin batzuk zeudela. Bertsolaria hasten zen bertsotan eta marrazkiak aurrera jarraitzen zuen: dentadura postizo bat, labana handi bat… Horrek ikaragarri zabaltzen zuen espektroa”, kontatzen du Paiak. Lau bertsorekin koadro bat osatzen zuen marrazkilariak, eta osatutakoan berriro ekiten zion. “Bertsolariak konturatzen ziren ekintza gehiegi jarrita koadroa ezin zitekeela behar bezala osatu, eta deskribapenera jotzen zuten. Metodo deskriptiboa nagusitu zen…”, dio bertsolariaren gogoetak. “Arte guztiz iragankorra zen, berehala borratu berehala berria egiteko. Pantaila garbitu beharra nuen aurrera jarraitzeko”, dio marrazkilariarenak. “Bertsolaritza hori da” diotsa Paiak.

Publikoak saioa pantailari begira egiten zuela kontatzen dute. “Kuriosoa da bertsolarien alde kinesikoa nola hutseratu zen, ez ziren mugitu ere egiten. Ordainetan ahotsarekin, adibidez, gehiago jolasten zuten. Egia esan, banaketa nahiko modu naturalean gertatu zen: bertsolariek bazekiten informaziorik gehiena irudiek ematen zutela, eta marrazkietako pertsonaien pentsamendu hipotetiko batzuen bikoizketa moduko bat egiten zuten”, esplikatzen du Paiak. “Bat-bateko zinema existituko bada gure saio horietan nahikoa gertu ibili ginen”, borobiltzen du.


"Bertsolariek beti izan dute esaera zahar bat aurka: irudi batek mila hitzek baino gehiago balio du. Munduko bertsorik onenak ezin adieraz lezake, ustez, irudi txarrenak adina. Baina... bertsoari irudia gehituko bagenio? Bertsolariek hitzez diotena begiz ikusiko bagenu? Are gehiago, bat-bateko irudiek bat-bateko bertsoak sortuko balituzte? Galdera horien guztien erantzuna da bertsotramarraskya Esan bezala, lehen saioa Bilbon egin zen eta ondoren Euskal Herriko beste leku askotan; bertsolari hauek parte hartu zuten: Xabi Paya tramagile gisara, eta saio ezberdinetan parte hartu zuten bertsolariak Erika Lagoma, Julio Soto, Jon Barberena, Joxe Juan Zubieta 'Etxabe', Sustrai Colina, Oihane Bartra, Onintza Enbeita, Etxaun Lekue, Fredi Paia, Uxue Alberdi...

KOMIKI GIDOILARI

2013an hibridazioari eskainitako alean Xabi Paya bertsolaria eta Patxi Gallego komikigileen arteko elkarlananaren lehen atala aurkeztu zen "8 bertsolaritxo" izenburupean, eta hortik eratorri ziren 'Nork' eta 'Nori' komikiak.

Bi urte beranduago argitaratu zen 'Nork' albuma, 2015eko neguko 'Bertsolari' Aldizkariaren 100. zenbakian

'Nori' 'Bertsolari' aldizkariko 116. zenbaki gisara argitaratu zen 2019ko neguan.