Paula Estévez
Paula Estévez del Diego Donostian 1984an jaiotako ilustratzailea, komikigilea eta musikaria da.
Wikipediaren arabera Arte Ederrak ikasi zituen, argazkigintzan eta ikus-entzunezkoetan espezializatuz. Ikasketak amaitu ondoren Berlinen 4 urte pasa zituen eta han ekin zion berriz ere marrazteari. Berrian elkarrizketatu zuten eta bere ibilbidearen berri eman zuen bertan.
Bere lana batez ere komiki, ilustrazio eta animaziora zuzendu du.
Beste kide batzuekin batera eta bere lana zabaltzeko ere autoedizio ekimen ezberdinak sustatu ditu: batetik proiektu kolektiboetan, adibidez Guillotina Donostiako lehen Autoedizio Topaketen antolaketan: besteren artean Mikel Larraioz eta Maite Caballero izan zituen kide antolakuntzan, 2014ko udaberrian Donostiako eta inguruetako mugimendu editorial underground-a ikusgai egiteko helburuarekin.
Autoedizioaren bidetik ere, Paula Estévezen lanak aldizkari, komiki eta fanzine ezberdinetan agertu dira : Hijos Acabados, Berlin Scrawling, So International Zine...
Argia, Cáñamo eta Gaztezulorako egin ditu ilustrazioak. Berrian, besteren artean, Erresistentzia Kutxa ekimenean parte hartu zuen.
Horrez gain, 2017tik Oki Moki pop-punk taldean jotzen du; hainbat musika taldeen kontzertuetarako afitxak eta diskoen azalak egin ditu: Arrotzak, Melenas, The Grace of Dionysus...
LIBURU ILUSTRATUAK ETA KOMIKIGINTZA
Paula Estévezek Tupust! Kolektiboan parte hartu du:2016 urtean hasi zen gorpuzten, Donostian emakume ilustratzaile eta komikigileen arteko bilkurak egiten hasi zirenean; hasiera batean komiki argitarapen bat partekatzea izan zen helburua, baina pausoka komikigintza eta feminismoa lotzen dituen kolektiboa osatuaz joan da. Harreman eta elkarlan honen lehen adierazpen publikoa 2019 urtean Txalapartak argitaratu zuen 'Tupust! #1 Ni' komiki antologia izan zen. Hogei sortzailek hartu zuten parte liburuko hamalau komikiak sortzen.. 2024 bitarte beste 2 antologia argitaratu dituzte autoedizioaren bidetik: Paula Estévezek Ni/Zu/Gu trilogian parte hartu du, eta kolektibo bezala lanean jarraituko duten arren, antologien etapa hori amaitutzat eman dute.
2017 urtean Ainara Azpiazu Axpi-rekin Arraroa album ilustratua sortu zuen Estévezek eta lan honengatik Etxepare Saria jaso zuten.
2019ean Gasteizko 'Inmersiones' deialdia irabazi zuen eta 2020 urtean Zarautzen emakumeen eguneko kartel lehiaketa.
Beste marrazkilariekin batera Tabakalerako KomikiLabea/Komikiaren astean parte hartu zuen.
2021 urtean Gipuzkoako Foru Aldundiak sustatutako 'Egile' sarien bautan 'Gauerdian' album ilustratua egiteko laguntza jaso zuen. Urte berean Portugaleteko komiki lehiaketan bigarren saria irabazi zuen.
Besteren artean Cristobal Balenciaga Museoa , Elhuyar, Cristina Enea Fundazioa eta beste erakunde batzuentzat ere lan egin du.
2024 LINBO PLANETA KOMIKIA
2017 urtean Dejabu Panpin Laborategiak "Linbo Planeta" antzezlana estreinatu zuen.
2023an Paula Estévezek Eusko Jaurlaritzaren beste diru laguntza bat jaso zuen izen bereko komikia sortzeko, eta 2024ko urrian argitaratu da.