Fermin Muguruza

komikipediatik
Hona jauzi: nabigazioa, bilatu

Fermin Muguruza Ugarte 1963 urtean Irunen jaiotako euskal musikagilea, abeslaria, zinemagilea eta ekoizlea da, komikigintzarekin ere lotura estuak dituena, ikusiko den legez Black is Beltza komikia kaleratu baino lehen eta ondoren.

Fermin Muguruza 80. hamarkadatik euskal musikagintzaren banda garrantzitsuenetan aritu da, lehenik Kortatun, 1990tik aurrera Negu Gorriak taldean eta 2001 urtetik aurrera bakarkako ibilbidean musikari ezberdinekin taldeak sortuaz.

Azken etapa honetan, musika proiektu ezberdinetan murgildurik zegoela, zinemagintzan ere hasi zen eta 2006 urtean Bass-que culture dokumentala egin zuen: ondoren etorri ziren Checkpoint Rock, Next music station, Zuloak eta Nola?

Wikipedian eta Muguruzaren webgunean musika eta zinemarekin lotutako informazio osatua dago.

KOMIKI SORTZAILE ETA KOMIKI BATEKO PROTAGONISTA

2014 urtean Black is Beltza komikia argitaratu zuen, Harkaitz Canorekin gidoilari bikote osatuta eta Dr.Alderete argentinar marrazkilariaren irudiekin. Hasiera batean Muguruzak animazio filma egitea pentsatu zuen, ondoren komikia argitaratzea erabaki zuen eta azkenean proiektu transmedia bilakatu da: komikia, diska, erakusketak, liburua... Eta 2018ko urriaren 5ean filma zinemetan ikusgai egotea aurreikusten da.

2018an aldiz komiki bateko protagonista bihurtu zen. Alfonso Zapico komikigile asturiarrak Zubigileak eleberri grafikoan islatu zuen Fermin Muguruza eta Alejandro Madina PSEko kidearen arteko harremana.

Baina esan bezala, luzea eta anitza da Fermin Muguruzak komikiaren munduarekin duen erlazioa, bere anaia Iñigorekin parekatutako zaletasunetik abiatuta.


MUGURUZATARRAK: FERMIN, IÑIGO ETA KOMIKIGINTZA

Iñigo eta Fermin Muguruza anaiek idatzitako Kortaturen kanten letretan komikizaletasunaren eragina nabaria da. Kortaturen lehen diskatik komikietako pertsonaiak eta hitzak erabili zituzten kanten letrak egiteko, eta batez ere Makoki aldizkaritik hartu zituzten lehen erreferentzia hauek:

Don Vito y la revuelta en el frenopático kantak Montesol marrazkilariaren pertsonaia baten istorioan du jatorria.

Mr. Snoid entre sus amigos los humanos EEBBetako Robert Crumb marrazkilariaren pertsonaia baten istorioan oinarritua dago eta La cultura kanta egiteko hitzez hitz egile beraren Fritz Katuaren komiki bat erabili zuten, Makokin argitaratutako gaztelerazko itzulpenak erabilita.

Ferminen anaiak, Iñigo Muguruzak, egin zituen taldearen maketaren azala eta lehen diskako liburuxkaren marrazkiak ere. Urte batzuk beranduago Iñigok Napartheid fanzinerako komikiak egin zituen, Entzun aldizkarian aipatu zituen Guibol Komandoaren Abenturak tarteko; Joxe Ripiau taldearekin ari zenean Pedro Mayoren zintak agertu ziren fanzinean, Keawe sinadurapean. Joxe Ripiauren disketako liburuxketan Iñigoren marrazkiak tartekatzen dira, eta Sagarroi bere urrengo musika taldearen logoa Asiskok egin zuen.

Iñigoren marrazkigintzari dagokionez, haur liburugintzan ilustrazioa lanak egin izan ditu: bere gidoi eta irudiz Unax eta Hodeitxu eta Jabier Muguruza 3.anaiaren Gabon Guanito ipuirako irudiak.

Kortaturen bigarren diskan, Muguruzatarrek "Porco Dio, Stéfano ha muerto! La parca se llevado a Tamburini!" ohiukatzen zuten Nivel 30 kantan, RanXerox komiki pertsonaiaren sortzaile hil berria gogoan.

Kolpez kolpe hirugarren diskan Afterboltxebike kantan Oñatin argitaratutako komiki baten adaptazioa egin zuten.

Negu Gorriak sortu zutenean, bandaren lehen diskoan Napartheid kanta zegoen, Napartheid fantzineak Nafarroan euskararen egoera salatzeko erabiltzen zituen ikuskerak eta esaldiak erabiliaz: Sakana, Bidasoa Eta Aezkoako Erreserbakoak, Soweto? Euskal Herria baino hobeto...

1993 urtean Napartheid fanzineak 10. zenbakia kaleratu zuen eta single bat argitaratu zuten Esan Ozenki disketxearekin batera: alde batetik Negu Gorriak taldeak 1991 urtean Bilboko La Casilan eskainitako kantaren zuzeneko bertsioa zegoen, eta bestetik Kojón Prieto y los Huajolotes taldearen Napartheid napar-ex kanta: “Silveira eta Xabier eta Huajoloteak” izenpean sinatu zuten, Xabier Erkizia musikaria eta Xabier Silbeira bertsolariaren laguntzaz egin bait zuten kanta.

Garai horietan oso ohikoak izan ziren ere Azagra marrazkilaren komikietan Kortatu zein Negu Gorriak edo hauen kantak protagonista zituzten istorioak, Tijuana in Blue taldearekin gertatu ohi zen bezala.

Negu GorriakBigarren diskatik Lehenbiziko bala kanta single bilakatu zuten eta Carles Viñasen komikiekin osatu zuten azala.

Borreroak baditu milaka aurpegi disko beltzean Asisko Urmenetak egindako marrazkien bidez agertzen dira kanten hitzak. Asiskoren marrazkiak bandaren ikonografiari indarra eman zioten, single batean, karteletan eta webguneetan ere nabarmentzen denez.

Borreroak baditu milaka aurpegi diskoan Asiskorenak ez diren marrazki bakarrak Valiente Borottorenak ziren, Itxoiten kanta bere komiki batean oinarritzen baitzen

Aipatu beharra dago Muguruzatarren kasua ez dela bakarra euskal rockaren eta komikgintzaren arteko harreman emankorrean : Igor Leturiaren blogeko artikulu batek adibide ugari zerrendatu zituen, eta Donostiako Komikiguneak #Rockomikiak izenburupean bat eta zenbait hitzaldi antolatu zituen, ondoren Gasteizen Oihaneder Euskararen etxeak antolatutako jardunaldi eta erakusketarekin tokiko bertsio propio eta zabalagoa bilakatu zena.

EUSKARAZ ARGITARATUTAKO KOMIKIAK

DATA IZENBURUA ARGITARATZAILEA GIDOIA MARRAZKIAK JATORRIZKO HIZKUNTZA ITZULTZAILEA JATORRIZKOAREN URTEA
2014
2014 black is beltza.jpg
Black is Beltza Talka-Bang Fermin Muguruza / Harkaitz Cano Jorge Alderete Edizio Eleanitza 2014 11 AZAROA

ZUBIGILEAK: MUGURUZA ETA EDUARDO MADINA PROTAGONISTA DITUEN ZAPICOREN KOMIKIA

DATA IZENBURUA ARGITARATZAILEA GIDOIA MARRAZKIAK JATORRIZKO HIZKUNTZA ITZULTZAILEA JATORRIZKOAREN URTEA
2018ko MAIATZA
2018 zubigileak.jpg
Zubigileak Astiberri Alfonso Zapico Alfonso Zapico Gazteleratik itzulia Bego Montorio Uribarren 2018 Los puentes de Moscú (Astiberri)