Eukadiaria
EUSKADI LITERATUR SARIETAN KOMIKIAK ETA ELEBERRI GRAFIKOAK KATEGORIA PROPIOA IZAN DEZATEN PROPOSAMENAREN ZIRRIBORROA
2023 ekaina
Komikizale talde batek Euskadi Literatur Sarietarako proposamen bat egin nahi du: ‘Komikiak’ kategoria berria sortzea eta gaur egun Ilustrazio lanerako dagoen kategoria mantentzea soilik ilustrazio lanerako.
Komikia kategoria berria sortzeko arrazoi nagusiak
• Geroz eta iritzi zabalduagoa da komikigintza bederatzigaren artetzat kontsideratzea.
• Komikigintzak hitza eta irudiaren harteko harremanean eta narrazio grafikoan oinarritzen diren ezaugari propioak ditu eta azken hamarkadetan ezinbesteko bilakatu da literaturaren esparruan
komikia genero narratibo gisara onartzea.
• Ikerketa lan ugarietan islatu da euskal komikigintzak azken mendean izan duen ibilbidea eta gizartean izan duen isla:
• 2005. Unsain, Jose María. (2005). Entziklopedia enblematikoa. Arte aplikatuak (I eta II)
• 2004. Díaz de Guereñu, Juan Manuel. Habeko Mik (1982-1991): Euskal komiki ahalegina. Astiberri; Deustuko Unibertsitatea
• 2010. Komik10: euskal komikia azkeneko hamarkadan (2000-2009)
• 2017. Egungo euskal komikiaren historia. Euskal Herriko Unibertsitatea
• Azken urteotan egile berriak (irudigile zein idazleak, belaunaldi ezberdinetako gizon eta emakumeak...) batu dira komikigitzara eta aurretik komikiak egin zituzten egileekin batera urtero kantitate eta kalitate aldetik komiki uzta oparoa eskaintzen ari dira. Hainbat euskal komikigilek sariak jaso dituzte erakunde edo komiki jaialdien eskutik.
• Komikietan espezializatutako euskal argitaletxeak sortu dira (Saure, Astiberri, Harriet…) eta argitaletxe generalista ugarik komikia finkatua dute jada zigilu edo lerro editorial bezala; komikien autoedizioa ere ohikoa da. Tebeosfera atariaren arabera, batazbeste azken urteetan urtero 100 komiki inguru argiratatu dira Euskadiko Erkidego Autonomoan (adi, kontuan hartu behar dugu hauetako asko ez dira euskal egileenak Astiberri eta Harrietek nazioarteko komikigileen lanak ere argitaratzen dituztelako); 2022an zehazki 122 komiki argitaratu dira eta Nafarroan urte berean 20. Iparraldean urtero 5-10 komiki inguru argitaratu ohi da.
• Ipurbeltzek, Napartheid, Tmeo, Habeko Mik… eta beste komiki aldizkariek urratutako bideetatik gain, azken mendean ibilbide luzea egiten ari dira beste esperientzia batzuk ere: Xabiroi, Rumblé, El Balanzin...
• Prentsan, komikiak presentzia handia du, izan umore grafikoaren arloan zein iritzi sailen baitan.
• Komiki azokak eta jardunaldiak antolatzen dira urtero Getxon, Ondarroan, Iruñean, Antsoainen, Hernanin... eta Durango zein Ziburuko liburu azoketan edo Liburu Egunetako salmahaietan komikigintzak gero eta presentzia eta salmenta handiagoa du.
• Komikien irakurle klubak sortu dituzte hainbat liburutegik, eta irakurketa taldeetan ere komikiek bere lekua dute beste literatur lanen artean.
• 2010 urtean Bartzelonako Komiki Azokan herrialde gonbidatua izan zen Euskadi: gune propioa izan zuen Azokan eta Euskomik argiltalpenean 22 profesionalen lana jaso zen.
• Donostiako Komikigunea 2004 urtean sortu zen, eta zinemari buruzko liburu, argitalpen eta bestelakoekin batera, 30.000 agiri inguru ditu. Besteren artean Gasteizen Sancho el Sabio Fundazioak eta Bilbon Azkuna Zentroak ere badute komikigintzarekin lotutako jarduerarik.
• Komiki lehiaketa batzuk badira gure lurraldean (nabarmenenak Portugalete, Galtzaundi, Ikastolen Elkartekoa…) Gipuzkoako Foru Aldundiak Egile Sarien baitan laguntzen ditu komiki proiektuak, Udalbiltzak komikia kategoria du Geuretik sortuak ekimenarten baitan, Azkuna Zentroak nazioarteko sorkuntza beka….
• Eusko Jaurlaritzak 2017 urtetik diru laguntza deialdia egiten du komikiak eta liburu ilustratuak sortzeko. Ordudanik ia 30 komiki lanek jaso dute laguntza hau.
• Euskadi Literatur Sarietan 3 aldiz irabazi du komiki batek Ilustrazio kategoriako saria eta bi komiki gidoilari izan dira sarituak Haur eta Gazte literatura kategorian.
2009 urtean sortu zen ‘Euskadi saria eta Literatura lanaren ilustrazioa’ kategoria eta bertan albumak, liburu ilustratuak, nobela grafikoak eta komikiak saritu daitezke, baina proposamen honen sustatzaileek uste dugu beharrezkoa dela ‘Literatura lanaren ilustrazioa’ kategoriatik aparte ‘Komikia’ kategoria sortzea, arrazoibidetzat hartuta apiatu dugun bezala komikigintzak gure herrian izan duen ibilbidea eta gaur egun duen presentzia, baina batez ere komikigintza ilustraziotik bereizi beharreko genero literarioa dela narbarmenduz, literaturari berari ekarpen berezia egiten diona, hitzaren eta irudiaren arteko harreman propioa garatuz edo hitzik gabeko kontakizunak sortuz.
Euskadi sarietan ‘Komikia’ kategoria sortzea zor bat kitatzea izango litzateke literaturari eta gizarteari ekarpen handiak egin dizkioten komikigileekin, testu eta/edo irudietaz arduratzen diren
guztiekin.
Euskadi Sarien bidez Komikigileen lana aintzakotzat hartzea gizartean eta literaturaren merkatuan inpaktu positiboa izango zukeen, komikiak jada duen presentzia sendotzeko balioko zukeen, egileak motibatu, komiki proiektu berrien sorreran eragina izan eta argitaletxeek komiki gehiago argitaratzeko interesa piztu.
Komikiak egile bakar baten lana izan daitezke, baina geroz eta ohikoagoa da idazle, irudigile eta koloristen arteko elkarlana, eta elkarlan hau ezin da inolaz ere “hitzei irudia jarri” kontzeptura murriztu: azken emaitza lortzeko bidean, askotan gidoia eta testuak eraldatuz doaz irudigileen sormenaren eta erabilitako baliabide teknikoen baitan.
Jaurlaritzak kategoria hau sortzea egoki jo ezkero, baldintza berezi bat kontuan hartzea eskatzen dugu: egilea pertsona bakarra ez den kasuetan, uste dugu saria komikiaren sorkuntza kolektiboan parte hartu duten egile guztiek jaso behar dutela, gidoia eta testuetan parte hartu dutenak, irudigileak eta koloristak… ez da posible komiki baten sorkuntza “segmentatzea”, eta elkar elikatzen duten sortzaileen artean sortutako lana da saritu beharrekoa.
Egiletza kolektiboaren baldintza hori ez bada betetzen, hau da, solik irudigilea saritzea planteatu ezkero, ez dugu uste merezi duenik kategoria propioa sortzea, ez baitluke komiki sorkuntzaren errealitatea islatuko.
Horregatik guztiagatik, proposatzen dugu Euskadi Literatur Sarietan ‘Komikiak’ kategoria berria sortzea eta gaur egun Ilustrazio lanerako dagoen kategoria mantentzea soilik ilustrazio lanerako.
Laburbilduz,
Uste dugu aldaketa hau onuragaria izan daitekeela komikigitza eta komikigileentzat, batetik sormenaren arlo honetan gaur egun aritzen direnentzat eta bestetik egile berrien kopurua gehitzeko. Neurri honek argitaratutako lanen kalitatean eragin positiboa izan dezake ere eta argitalpen kopurua handitzen laguntzeko.
Euskal gizartearentzat komikiak saritzea eta komikigintza aintzat hartzea interesgarria izan daiteke, egileak eta komiki produkzioa ikusgarri bihurtzeko, kontakizun eta konatzeko modu anitzak islatzeko, sormen arlo hau hobeto ezagutarazi eta prestigiatzeko, eta baita irakurzaletasuna sustatzeko ere.
Euskadi Literatura sarientzat ere onuragarria dela uste dugu, gaur egun indarrean dagoen sormen arlo bizi batekin harremantzeko, errealitate bat azalarazten laguntzeko...