Patxi Gallego
Patxi Gallego Palacios Errenterian 1973an jaiotako komikigile gipuzkoarra da, lanbidez DBH zikloko irakasle.
Fanzineetan argitaratzen hasi zen, Andoaingo Peste fanzinean adibidez.
Arte ederrak ikasi zituen Leioan.
1997 urtean Portugaleteko komiki lehiaketan txuri beltzezko atalean euskarazko bigarren saria jaso zuen "Garagardoting" komikiarengatik.
Oarsoaldeko "Lau Haizetara" aldizkarian argitaratu zituen komiki zintak, umore girokoak nabarmenduaz eta karikaturarako joera erakutsiaz. Oier Gorosabelen blogean berreskuratu zituzten 1999-2000 urteetako bi zinta. "Lau Haizetara" aldizkarian zen lehen aldiz Xabinaitor pertsonaia.
1999 urtean Orreaga Ibarraren "Nafarroan zehar: euskararen ibilbidea" libururako ilustrazioak egin zituen.
2000. urtean Saure Argitaletxearen eskutik "Epifanio y John Vaina: la carcajada del año" gaztelerazko komikia sortu zuen: Gallegoren istorioekin batera Yann Besrest-en testuak agertzen ziren, baina bi lanek elkarren artean harremanik izan gabe.
Irakaskuntzan urte beteko atsedena hartu eta komiki baten sorkuntzan murgildu zen: Elkarreko editore Xabier Mendiguren Elosegik egindako elkarrizketan Patxi Gallegok dio " nik beti izan dut horrelako zerbait egiteko gogoa, eta 30 urte ingurura iristerakoan, batzuei behintzat, bizitza honetan fundamentuzko zerbait egiteko garaia dela iruditzen zaigu;(...) Liburua lauzpabost obsesio pertsonal, zenbait kezka kultural eta momentuko zirkunstantzia politikoen isla bat da, nolabait, baina, batez ere, euskaldun batek euskaldunentzako egindako helduentzako komiki-liburua da, fikziozko istorio bat geure buruaz barre pixka bat egiteko. "
Urtebeteko lanaren ondoren, 2004an Pololoak trilogiaren lehen atala heldu zen liburudendetara Elkar Argitaletxearen eskutik: "Pololoak 1. Poxpoliñen lurriña"
Zaletu eta aditu askok bat egin dute esanez komiki honek mugarria ezarri zuela euskal komikigintzan: formatua, belaunaldibaten bizipenak islatzeko gaitasuna, autobiografi erreal edo faltsuarekin jolastea,euskalkien erabilera, euskal gatazka eta sexualantzekomodua... Komiki edo marrazketa estilo ezberdinak erabiltzea eta testuak tartekatzea ere nabarmendu zen. Salmenta handiak, komunikabideetan elkarrizketa eta iruzkinak eta euskarazko komikigintza berriz ere kontuan hartzea ekarri zuela esan daiteke, eta segur aski lagungarri izan zen urte batzuk beranduando argitalpenkopruen hazkuntzan.
2006 urtean trilogiaren bigarren atala argitaratu zen, "Pololoak 2. Poxpoliñaren bahiketa".
2007an "Bertsotramarraskiya" proiektua garatu zuten Xabi Paya bertsolariak eta Patxi Gallego marrazkilariak
Bilboko Udalak euskara eta euskal kulturako ekintzen hilabete baten antolakuntza eskaini zion Euskaltzaleon Topaguneari, eta Aiora Azagirre Xabi Payarekin jarri zen harremanetean "zerbait berria, gaztetxoei zuzendurikoa" egin nahi zutelako.
'Hibridazioake ta esperimentuak' Bertsolari Aldizkariko 2013ko aldizkarian Xabi Payak hauxe zioen: “XXI. mendean bizi gara eta gazteek jada ez dituzte liburuak irakurtzen, bideoak ikusten dituzte." Jarduera berritzaileari "hitzaren indarra ezin zitzaion kendu, bertsoa hitza delako batez ere, baina elementu audiobisual gisa saldu beharra zegoela oso klaru izan nuen hasieratik."
Topagunekoei Xabi Payak bi baldintza jarri zizkien:
Batetik bertsolariak alboetara eta irudia erdian kokatzeko zine pantaila bat,eta, bestetik, Patxi Gallegok izan behar zuela marrazkilaria. “Ni garai hartan Xabinaitorren jarraitzaile itsua nintzen. Komiki horrek ekarri zuen aire berri postmoderno apurtzailea zoragarria iruditzen zitzaidan. Iruditzen zitzaidan sintonia ona izan genezakeela eta gaztetxoentzat oso egokia izan zitekeela”, dio Paiak.
Patxi Gallegoren hitzetan: “Xabinaitorrek omeopatari esaten zion bezala, ni euskalduna naiz betidanik eta bihotzez, Benito Lertxundiren Orreagak bere garaian erabat markatu ninduen, baina bertsozalea ez naiz izan. Badakit zein diren bertsolariak, eta prentsa arrosakoak baina gehiago jarraitzen ditut, baina bueno…” Baiezkoa eman zuen hala ere. Zergatik animatu zen galdetuta ez dauka oso garbi: “Hori ari nintzen ni pensatzen, zergatik esan nuen baietz. Galdera ona. Ezetz esaten ez jakiteagatik agian… Egia esan garai hartan beste gauza batzuei eman nien ezezkoa. Nik uste dut irudia zeukalako esan niola baietz. Xabinaitor bukatu eta lehen gauza ETBrako ekoiztetxe batek gidoilari bezala aritzeko proposatu zidan, baina nik komikia nahi dut egin. Gero ez naiz oso bertsozalea izan, baina euskal kulturaren baitako sentitzen naiz, eta inguru horretan zerbait berria egiteko proposatzen badidate interesgarria iruditzea ere litekeena da”.
Paiak trama bat prestatzen zuen, Gallegori pare bat egun lehenago pasatzen zion, eta saioan bertan bertsoak entzun ahala egiten zituen marrazkiak errenteriarrak. “Benetako hibridazioa izateko ezinbestekoa zen marrazkiak bertsoek egiten zuten bidearen arabera sortuak izatea, bat-batekoak izatea. Hori beretzat deserosoa zen, baina ez nuen nahi aldez aurretik egindako marrazkiak tartekatuko zituen norbait”, esplikatzen du Paiak. “Aberasgarria izan zen, noski. Baina botatzen nituen izerdiak… Ez dakit zenbat irauten zuen baina maratoi bat zen niretzat. Hauek, bertsolariak, inprobisaziotik bizi dira, eta nahikoa natural ateratzen zaie. Ni, ordea, justu kontrakoa naiz: probak egin, zuzendu, xehetasunak zaindu, etxean goxo-goxo. Eta erabat nekatuta bukatzen nuen, bai fisikoki, bai mentalki”, dio Gallegok. “Agure bat zarenean eta Altzeimerrik ez daukazunean eskertuko didazu” jotzen dio adarra bertsolariak."
Esan bezala, Bilbon egin zen lehen aldiz "Bertsotramarraskiya", eta ondoren Euskal Herriko beste leku askotan; bertsolari hauek parte hartu zuten: Xabi Paya tramagile gisara, eta saio ezberdinetan parte hartu zuten bertsolariak Erika Lagoma, Julio Soto, Jon Barberena, Joxe Juan Zubieta 'Etxabe', Sustrai Colina, Oihane Bartra, Onintza Enbeita, Etxaun Lekue, Fredi Paia, Uxue Alberdi...
2007 urtean Xabinaitor elkarrizketatu zuten Osakidetzako "Osatuz" aldizkarian eta urte betean Nabarra aldizkarian 5 orrialdeko istorio bat argitaratu zen.
2009an amaitu zen trilogia "Pololoak 3. Atxeritoko balada" komikiarekin.
2010 urtean Gorringo konpainiak "Xabinaitor" antzezlana taularatu zuen.
Patxi Gallegok haurrentzako nahiz helduentzako liburuentzat ilustrazio lanak egin ditu: Garikoitz Berasaluzerekin Elurra ezin da erosi, Leire Bilbaorekin Martin, egon geldi, Katixa Agirrerekin Paularen seigarren atzamarra, Ana Jakarekin Marimutila naiz, Julen Gabiriarekin Nire aita ikusezina da, eta Xabier Mendiguren Elizegirekin Buelta bat aitontxuarekin, Pobreak gara eta Karabana batean bizi naiz...
2013ko otsailean Xabiroi aldizkariko 28.alean parte hartu zuen Patxi Gallego Basque Culinary komikiarekin, eta 2017ko otsaileko 43 alean 'Irati Xtrem' orrialde bateko komikia argitaratu zuen.
H28 aldizkari saretirikoan parte hartu zuen, beste gaien artean politika, erlijioa eta marrazkilarien bizitzari buruzko komikiekin. 2016 urtean "3 zangotako komiki solasaldietan hartu zuen parte H28ko esperientzia hizpide.
Jakoba Errekondok Altza Porru! proiekturako Patxi Gallegorekin kontutatu nahi izan zuen, baina azkenean kolaborazioa ezin izan zen gauzatu.
2015 urtean Ander Izagirreren Beruna patrikan txirrindularitzari buruzko libururako Tourmalet komikia marraztu zuen Gallegok, Julen Gabiriak euskaratutako ediziorako eta gazteleraz argitaratutako 7. ediziorako (jatorrizkoa 2012koa da)
NORK eta NORI
Bertsolari aldizkariaren 89.zenbakian, 2013ko martxoan, Hamar bertsolaritxo komikia argitaratzeari ekin zion Patxi Gallegok, Agate Krixpinen gidoiaz. Atalez atal komikia aldizkariko ale ezberdinetan argitaratu ondoren, 2015eko abenduan aldizkariko 100. zenbakia Nork komikia argitaratzeko erabili zuen Bertsozaleak Kultur Elkarteak, Xabi Payaren eta Patxi Gallegoren arteko elkarlanaren emaitza.
Nork hil du Andoni Egaña? galderari erantzuteko detektibe berezi batzuk euskal geografia zeharkatuko dute, eta Patxi Gallegok euskal politika eta kulturaren pertsonai ezberdinen karikaturak agertarazi zituen istorioan zehar.
2018ko apirilean Intxaurrondoko komiki solasaldietan komikiaren sorkuntza prozesuaz jardun ziren
PATXI GALLEGOREN KOMIKIAK EUSKARAZ
DATA | IZENBURUA | ARGITARATZAILEA | GIDOIA | MARRAZKIAK | JATORRIZKO HIZKUNTZA | ITZULTZAILEA | JATORRIZKOAREN URTEA |
---|---|---|---|---|---|---|---|
2019 | Nori | Bertsozale Elkartea (Bertsolari Aldizkaria 116. zenbakia) | Xabi Paya | Patxi Gallego | Euskaraz Jatorrizkoa | 2017ko neguko 107. Bertsolari aldizkarian Nori komikia hasi zen argitaratzen atalez atal. | |
2015 | Nork | Bertsozale Elkartea (Bertsolari Aldizkaria 100. zenbakia) | Xabi Paya | Patxi Gallego | Euskaraz Jatorrizkoa | Bertsolari aldizkariaren 89.zenbakian, 2013ko martxoan, Hamar bertsolaritxo komikia argitaratzeari ekin zion, Agate Krixtinen gidoiaz eta Patxi Gallegoren marrazkiekin | |
2009 | Pololoak 3. Atxeritoko balada | Elkar | Patxi Gallego | Patxi Gallego | Euskaraz Jatorrizkoa | 2009 | |
2006 | Pololoak 2. Poxpoliñaren bahiketa | Elkar | Patxi Gallego | Patxi Gallego | Euskaraz Jatorrizkoa | 2006 | |
2004 | Pololoak 1. Poxpoliñen lurriña | Elkar | Patxi Gallego | Patxi Gallego | Euskaraz Jatorrizkoa | 2004 |