Carlos Varela Adalid

komikipediatik
67.218.224.34 (eztabaida) (Orria sortu da. Edukia: Carlos Varela Adalid Bilbon 1957 urtean jaio eta Artziniegan bizi den marrazkilaria da. [https://aiaraldea.eus/artziniega/1481081189229-bi-goya-sari-irabazi-izanak-ez-di...)(r)en berrikusketa, ordua: 18:38, 25 maiatza 2024
(ezb) ←Berrikuspen zaharragoa | Oraingo berrikuspena ikusi (ezb) | Berrikuspen berriagoa→ (ezb)
Hona jauzi: nabigazioa, bilatu

Carlos Varela Adalid Bilbon 1957 urtean jaio eta Artziniegan bizi den marrazkilaria da.

Aiaraldea atariak elkarrizketa mamitsua egin zion 2015 urtean.

CARLOS VARELA ADALID (Bilbo, 1957) urteak daramatza Artziniegan bizitzen. Marrazkigintza du ofizio eta pasio. Euskal Herriko komikigintzaren eta animaziozko zinemagintzaren sorreratik dabil mundu horretan sartuta, eta bi Goya sari jaso ditu egindako lanagatik. Orain Digipen bideojoko eskolan dabil lanean, arte departamentuaren arduradun eta irakasle moduan.

Bilbon lan egiten duzu orain, baina animatzaile moduan Amurriotik lan egitera iritsi zara. Bai, Amurrio Refor Industriagunean bulego bat izan genuen urte batzuetan. Bi filma egin genituen bertan. Batak “Midas erregearen altxorra” zuen izena eta besteak “El extraordinario viaje de Lucius Dum”. Azken hori oso proiektu erakargarria izan zen, sormen askatasun osoa eman zigutelako. Haurren eskubideen analisi batean oinarritutako filma luzea zen. Eskubide horiek praktikan nola jarri azaltzen zuten hainbat istoriok osatzen zute, Toti Martinez de Lezea eta Isaac Rosa idazleek idatzitakoak, besteak beste. Oso esperientzia ederra izan zen, Amurrioko bulego horretan osorik garatutakoa.

Jende askok uste du animaziozko filma luze bat egiteko azpiegitura handiak behar direla, baina zuek Reforreko bulego txiki batean egin zenuten. Hala da. Zegoen txokorik txikienean geundela uste dut gainera. Hori da teknologiak ahalbidetu duen gauza on bat: ekoizpen-kostuak eta azpiegitura handien beharrak murriztu egin dituela.

   “Amurrioko Reforreko bulego txikienean egin genuen “El extraordinario viaje de Lucius Dum” filma luzea”

Orain Digipenen zaude irakasle gisa. Uzten al dizu horrek bestelako proiektuentzako tarterik? Ez, ehuneko ehunean nago horretara. Denbora asko xurgatzen dit. Urtean hamaika hilabetez egiten dut lan. Aldaketa bakarra oporrak ditudala da, lehen ez bainituen. Bideojokoen sektorean dagoen konpetentzia maila oso handia da. Ikusi delako bideojokoena dela ikus-entzunezkoen kontsumoan negozio maila handiena duen sektorea. Horrek oso gogor lan egitera derrigortzen gaitu, Digypen-en gradua lortzen duten ikasleak oso maila altukoak baitira, zintzoki hitz eginda.

Handia da animazio tradizionaletik bideojokorainoko saltoa? Animaziozko filma batean gidoi sekuentzial bat behar duzu, hasiera eta bukaera batekin, zeinean ikuslea ikusle izatera mugatuko den. Bideojokoan ez, bideojokoetan gidoia irekiagoa da, zeinean jokalariak hartzen dituen erabakiek istorioaren amaiera aldatzen duten. Bi kontzeptu ezberdin dira helburuari dagokionez, baina tresnak berdinak dira bi kasuetan: diseinua, kontzeptuak, dekoratuak, animazioak, kolorea, enkoadraketak... osagai berdinak erabiltzen dira bietan.

Amurriotik ere egin izan genituen bideojokoentzako zenbait kontu, flash teknika erabiliaz. Oso gauza txiki eta sinpleak.

   “Hezkuntzarako erabilita, izugarria da bideo-jokoek duten eragina, umeek klase batean daudela konturatu gabe ikasten dutelako”

Eta nola iristen zara marrazte hutsetik bideo-jokoak egitera? Marraztea zure ogibidea delako, funtsean. Batak bestera darama. Komikiak egiten hasi nintzen. Animaziora pasa nintzen gero, Kalabaza Tripontzia filmari esker. Gero telebistara egin nuen salto eta ilustraziora itzuli nintzen gero... denetik apur bat. Hazten eta hazten zoaz, geroz eta jende gehiagok du egiten duzun lanaren berri eta geroz eta toki gehiagoetatik deitzen dizute. Eta egun batean bideo-jokoa sortzen da eta zeure buruari galdetzen diozu: zergatik ez? Goazen probatzera! Batzuetan zure buruari hori proposatzean datza, probatzeko ausardia izatean. Nik asko erabili izan dut bideo-jokoa hezkuntza elementu moduan. Izugarria da duen eragina, umeek klase batean daudela konturatu gabe ikasten dutelako. Ikasten eta jolasten daudelako aldi berean. Oso ikasketa baliabide interesgarria da.

   “Baditugu hemengo animatzaile ugari Dreamworks edo Disney bezalako konpainietan zuzendari eta pertsonaien garatzaile moduan lehen lerroan lan egiten”

Euskal Herriko animazioaren hastapenetatik zabiltza mundu horretan. Bilakaerarik dago? Bilakaera oso sendoa da. Badaude ibilbide horren mugarriak markatzen joan diren zenbait faktore. Faktore horietako bat teknologikoa da. Animazioaren historiaurrean hasi ginen ia-ia. Hasierako garai horietan ez zegoen ordenagailurik, dena eskuz egiten zen. Artziniegako museoan dagoen erakusketa iraunkorrean badaude garai hartako zenbait azetato.

Euskal Herriko animazioaren hastapenetatik nabil ni mundu horretan. Egin ziren proiektu guztietan edo ia guztietan hartu nuen parte. Gero konturatzen zara lau-bost artisten artean garatzen dugun proiektu bat egiteko jende gehiagorekin kontatu behar duzula, lortu nahi duzun emaitzaren arabera. Eta taldeak sortzera bultzatzen du horrek, artistak sortzera, eta jendea esportatzen hasten zara orduan. Herrialde honek artistak esportatzen ditu, Badaude hemengo animatzaile ugari Dreamworks edo Disney bezalako konpainietan zuzendari eta pertsonaien garatzaile moduan lehen lerroan lan egiten.

   “Diru-laguntzei esker bizi gara, kapital pribatuaren apustua behar da”

Duela zenbait urte animaziozko zinemaren loraldi bat egon zen Pixar eta antzeko konpainien pelikulekin. Hemen ere eman da halakorik? Arazo larri bat dago hemen animazioarekin zein zinemarekin orokorrean: ekoizleen gabezia. Diru-laguntzei esker bizi izan gara, eta bizitzen jarraitzen dugu. Salbuespen ohoragarriak dauden arren.

Ez dago arriskatzera animatzen den kapital pribaturik. Baliteke guk kapital pribatua sartzeko behar besteko segurtasunik ez ematea. Duela urte asko lankide batzuen artean horretaz hitz egiten geundela komentatzen genuen oso industria atomizatua ginela. Oso enpresa txikiak gara, eta ez dugu inoiz elkarrekin enpresa bakar eta konpetente batean batzeko behar besteko indarrik topatzen, eta gaur egun telebistek ekoizle handien beharra dute.

Ez gara berritzaileak, hori aitortu egin behar dut, saiakerak dauden arren. Baditugu ezberdintasunak, baina maila teknikoago batean, ez sormenean. Jada ikusi dugunaren eta arrakasta izan duenaren bertsioak egiten ditugu. Inbertsio pribatuaren apustuak ematen duen konfiantza falta da, nire ustez. Publikoa harritzeko eta nabarmentzeko apustua behar da.

   “Ez gara berritzaileak. Jada ikusi dugunaren eta arrakasta izan duenaren bertsioak egiten ditugu”

Bi Goya sari irabazteak bultzada eman dio zure ibilbideari? Niri gutxienez horrek ez dit inolako bultzadarik eman. Jende askorekin egin dut lan eta jende askok ezagutzen nau. Baina gauzak egiteko deitzen didatenean ez didate deitzen bi Goya sari ditudalako, baizik eta nire lana ezagutzen dutelako, zer egiten dudan dakitelako, norbaitek nitaz hitz egin dielako edota nirekin aurretik lan egin dutelako. Aukerak eta izen ona egunerokoan egiten duzun lanak ematen dizkizu, karpeta, porfolio edo demo batean erakusten duzun horrek.

Bi dimentsiotako animazioari hiru dimentsiotakoa gailendu zaio, baina zuk lehengoaren aldeko apustua egin izan duzu beti.

Esperinetziak esaten dit hiru dimentsiotako animazioa ez dela exisititzen atzetik bi dimentsiotakoa ez badago. Hori ikusten dut konpainia handietan. Hiru dimentsiotan eginiko animazio askok bi dimentsiotako animazio bat dute atzetik. Animatzaileak hori behar du barneratua izan. Eta paperak eta arkatzak ematen dizkizuten freskotasun eta azkartasunak ezin ditzakezu hiru dimentsiotan horren azkar egin.

Gero bai, oso azkarra da, ordenagiluak abiada bizian egiten dutelako lan, baina aurretik dagoen lan guztia hainbat marrazkilariren eskuetatik igarotzen da. Badaude photoshop eta antzeko programekin zuzenean lan egiten dutenak, baina atera diren edo oraindik prestaketa fasean dauden animaziozko filmeen arte-liburuetan irudi gehienak bi dimentsiotakoak dira, modu analogikoan edo digitalean eginikoak. Horregatik, gure lehenbiziko erreferentzia bi dimentsiotakoa da beti, inoiz ez hirukoa.

Komikiak egiten hasi zenuen zure ibilbidea, jarraitzen duzu alor hori jorratzen? Ba bai. Saiatzen ari naiz komikigintza berreskuratzen, nire benetako pasioa delako. Orain Gipuzkoako lagun batekin ari naiz anbizio handiko proiektu bat garatzen. Baina irakasle lanarekin ez zait horri heltzeko denbora askorik geratzen. Etsitu egiten nau egiten ditudan orriak bidearen erdian geratzen direla ikusteak. Taldean lan egitea luxu bat da, artista oso onen artean ibiltzen zarelako. Baina batzuetan faltan sumatzen duzu zuk bakarrik orri zuri bati aurre egitearen lan hori.

Komikia maitale gogor eta jeloskor baten modukoa da, berari dedikazio osoa ematen ez badiozu zutaz paso egiten duena. Gauzak hala, ez dut horri indartsu heltzeko tarterik topatzen, baina uneoro dut buruan horri ekiteko grina. HASTAPENETATIK LEHEN LERROAN Euskarazko komiki eta animazioaren hastapenetan partaide zuzena izan da Carlos Varela. Euskal Herrian mugarri izan diren hainbat proiektutan parte hartu du.

IPURBELTZ. “Ez dakit nondik datorkidan marraztea, beti ikusi dut nire burua marrazkilari moduan”. Varelak ez du oroitzen nola hasi zen Ipurbeltz aldizkarian marrazten. “Nire gurasoekin bizi nintzen oraindik Xabier Leteren gidoi batekin komiki bat egitea proposatu zidatenean”. Aldizkarian komiki-tira finko bat izatera iritsi zen: Bittor. Baina laster egin zuen salto animazioaren mundura.

KALABAZA TRIPONTZIA. “Mural batzuk eginda diru apur bat bildu genuen. Proiektore bat erosi genuen horrela, eta Oskorriren ‘Euskal Herrian euskaraz’ kantuan oinarritutako animaziozko filma labur bat egin genuen”. Horrela hasi zen Varela animazioaren munduan. ‘Flannery eta bere astakiloak’ telesailean eta ‘Kalabaza tripontzia’ proiektuan aritu zen gero.

GABAI. Animaziotik komikira egin zuen berriz salto Varelak, ‘Gabai, gure herriaren historia’ komiki sail ezagunean aritzeko. “Pertsonaiak diseinatu genituen”, oroitu du ilustratzaileak. Ez zuen, baina, sail osoa egiterik izan, laster egin baitzuen berriz salto animaziozko zinemaren mundura, “Ipar haizearen erronka” filma luzearen proiektuari ekiteko.

IPAR HAIZEAREN ERRONKA. Pelikula 1991an estreinatu zen. Euskaraz eginiko animaziozko lehen filma luzea izan zen eta Varela zuzendari zein gidoilari lanetan aritu zen. Lanak Animaziozko filma onenaren Goya saria jaso zuen. Handik zortzi urtera Varelak berriz lortu zuen sari hori, ‘Goomer’ filmari esker. 2000an, berriz, ‘Marco Antonio, rescate en Hong Kong’ filma egin zuen.

AMURRION EGINIKO FILMA. Amurrioko Refor industriagunean jarri zuen Varelak Kaia produkzioak-en bulegoa. Lau pareta horien artean garatu zuten umeen eskubideei buruzko ‘El extraordinario mundo de Lucius Dumb’ animaziozko filma luzea. Enkarguzko lana izan arren, “sormen askatasun osoa” izan zuten.