Paula Estévez

komikipediatik
Hona jauzi: nabigazioa, bilatu

Paula Estévez del Diego Donostian 1984an jaiotako ilustratzailea, komikigilea eta musikaria da.

Wikipediaren arabera Arte Ederrak ikasi zituen, argazkigintzan eta ikus-entzunezkoetan espezializatuz. Ikasketak amaitu ondoren Berlinen 4 urte pasa zituen eta han ekin zion marrazteari. Berrian elkarrizketatu zuten eta bere ibilbidearen berri eman zuen bertan.

Bere lana batez ere komiki, ilustrazio eta animaziora zuzendu du.

Beste kide batzuekin batera eta bere lana zabaltzeko ere autoedizio ekimen ezberdinak sustatu ditu: batetik proiektu kolektiboetan, adibidez Guillotina Donostiako lehen Autoedizio Topaketen antolaketan, eta betalde aldizkari, komiki eta fanzine ezberdinetan ikus daiteke bere lana: Hijos Acabados, Berlin Scrawling, So International Zine...

Argia, Cáñamo eta Gaztezulorako egin ditu ilustrazio lanak. Berrian, besteren artean, Erresistentzia Kutxa ekimenean parte hartu zuen.

Horrez gain, 2017tik Oki Moki pop-punk taldean jotzen du; hainbat musika taldeen kontzertuetarako afitxak eta diskoen azalak egin ditu: Arrotzak, Melenas, The Grace of Dionysus...


ILUSTRAZIOA ETA KOMIKIGINTZA

2017 urtean Ainara Azpiazu Axpi-rekin Arraroa album ilustratua sortu zuen eta Etxepare Saria jaso zuten.

Tupust! kolektiboaren sorreran parte hartu zuen eta 2019tik argitaratu diren antologietan parte hartu du.