Asisko
Asisko Urmeneta Otsoa Errarteko 1965 urtean Iruñean jaiotako komikilaria da.
Wikipediaren arabera, 80. hamarkadan Napartheid fanzinean hasi zuen bere ibilbidea, honen sorkuntzan parte hartuaz ZaldiEroarekin batera . Argia aldizkarian urte askotan kolaborazioak egin ditu, Egunkaria eta Berrian ilustrazio lanak...
Napartheid fanzinearen bidez 1988 urtean 'Hegoekialde Urruneko Legenda' komikia argitaratu zuen; ondoren 1994ean Arturo Campion Kultur Elkarteak argitaratu zuen 'Erraondo' (La Habanako Palma Real Saria) eta hasiera batean Argia aldizkarian agertu ziren 1996 urtean 'I'm Pellot, Biba festa' albumean argitaratutuako komikiak.
Argia aldizkarian atalez atal argitaratu eta gero, 2003an 'Gartxot' albuma argitaratu zuen (Jokin Larrea eta Marko Armspachekin batera, Adur Larrearen koloreekin; Aiacciuko Komikiaren Nazioarteko 7. Jaialdiaren baitan Korsika Hegoaldeko Kontseilu Nagusiak Ezagutzaren Domina eman zien autoreei) eta 2010ean 'Okatxu hegal egiten' (Mattin Irigoienen gidoiaz eta Adur Larrearen koloreztatze lanarekin).
Komikigintzaz gain, Zazpiak Batman kolektiboko kidea izan Kike Amonarriz eta Antton Olariagarekin batera; Mantxut liburuak sortu zituzten eta Euskal Herrian zehar ikuskizunak eskaini.
Negu Gorriak taldearen 'Borreroak baditu milaka aurpegi' diskaren liburukian kanta bakoitza Asiskoren komiki batekin ilustratua dator. Marko Armspach-ekin batera Kutxuflet izenpean 'Marijane kanta zan!' Oskorriren diskarako kantak egin zituen. Pottokaren diskaren azala eta Sagarroi taldearen logoak egin zituen.
2001ean Pernanekin 'Nora hoa, xirimola?' eta 2003an Aitor Txarterinaren marrazkiekin 'Sugea lilipean' liburuak egin zituen.
ETB1 telebista-kateko 'Mihiluze' eta 'Gure kasa'saioetan karikaturak egin zituen. Zinemagintzan Juanjo Elordirekin batera 'Munduaren bira 80 egunetan, doan' eta 'Gartxot, konkista aitzineko konkista' filmak zuzendu zitueneta Edorta Barruetabeñarekin izen bereko liburua osatu zuen.
2015eko urtarrilean, Charlie Hebdo Frantziako aldizkari satirikoaren aurka egindako erasoen arira, Berriako Iñigo Astizek solasaldi baterako elkartu zituen Patxi Huarte, Marko eta Asisko Urmeneta marrazkilariak eta euskaraz aldizkari satiriko baten hutsunea zegoela nabarmendu zuten: handik gutxira, urtarrilaren 28an, 'H28' komiki hilabetekari saretirikoa agertu zen, 2017 urtea bitarte 28 ale eman zituena.
2016ean Jakoba Errekondoren "Altza porru" liburuan parte hartu zuen Asiskok beste marrazkilari hauekin batera: Ainara Azpiazu, Antton Olariaga, Mattin Martiarena, Unai Gaztelumendi, Unai Iturriaga eta Zaldieroa.
Argia aldizkarian kolaboratzaile aritu da hainbat urtez Gora Pro Nobis atalean, 2017an azken lana argitaratu zuen arte
Xabiroi Ikastolen Elkarteko aldizkarian Horkonpost saila marrazten du.
[Gure Berriak atari digitalean komiki zintak eta argazki muntaiak argitaratu ohi ditu]
Edukiak
- 1 2017 EUSKLABO ALAIAK ETA BASOLATIK BERRI ONIK EZ HASIERA XABIROI ALDIZKARIAN
- 2 2018 AZTIHITZA
- 3 2019 NAFARROA BEHEREGAINA
- 4 2020 SUGARREN MENDE ETA BASOLATIK BERRI ONIK EZ ALBUMA
- 5 2022 AMAIUR LIBERA STATE
- 6 2023 GORA EUSKAL HERRIENTSAK
- 7 BASOLATIK BERRI HONIK EZ: BIGARREN LIBURUKIA
- 8 'NI EZ NAIZ SORGINA' DOKUMENTALA
- 9 2024: JOSEPH CAMINO SARIA
2017 EUSKLABO ALAIAK ETA BASOLATIK BERRI ONIK EZ HASIERA XABIROI ALDIZKARIAN
2017 urtean 'Eusklabo Alaiak' albuma argitaratu zuen Gure Berriak komunikabidearen bidez. 2018ko ekainean 'Els EUSclaus feliços' katalanezko bertsioa argitaratu zen (Pol·len Edicions)
2017an Xabiroi aldizkarian 'Basolatik berri onik ez' sailaren lehen atala argitaratu zen: Asisko arduratu zen gidoiaz eta Joseba Larratxe marrazkietaz; aldizkarian atalka argitaratu eta gero, 2020ko urrian publikatu zen albuma.
2018 AZTIHITZA
2018ko azaroan Asiskok `AztiHitza´ albuma argitaratu zuen, Agosti Xahoren bizitzan oinarritutako komikia. Erroa, Gure Berriak, Herrima eta Prefosta elkarteen arteko lankidetzaren emaitza izan zen argitalpena.
Etxepare Institutuaren bitartekaritzaz, 2019ko irailean Bruselan egin zen Fête de la BD komiki azokan parte hartu zuen Asisko Urmenetak. Aztihitza lana sinatzen egon zen, beste autoreekin batera erakusgai jarri zituzten bere lanak eta bi tailerretan hartu zuen parte.
Asisko Urmenetak 2019ko Euskadi Literatura Saria Ilustrazio modalitatean irabazi zuen Aztihitza komikiari esker. 2021 urtean gaztelerazko eta frantsesezko itzulpenak argitaratu ziren.
2019 NAFARROA BEHEREGAINA
2019ko azaroan Nabarralderen eskutik "1620 Nafarroa Beheregaina" komikia argitaratu zuen. Gure berriak atarian bideoan jaso ziren Asiskok komikiari buruz errandakoak.
2020 SUGARREN MENDE ETA BASOLATIK BERRI ONIK EZ ALBUMA
2020 urtean Gureberriak, Erroa argitaletxea eta Lapurdi 1609 elkarteen eskutik Asisko Urmenetak 'Sugarren mende' komikia argitaratu zuen: 1525etik 1616ra bitarte Erronkaritik Sakanaraino izan zen sorgin-ehiza du ardatz komikiak eta Lapurdin Logroñoko prozesua baino urte bat lehenago ere sorgin-ehizaren aitzakiapean jazarri zituzten herritarrak aipagai ditu.
2020ko urrian iritsi zen liburudendetara Asisko Urmenetak eta Joseba Larratxek Xabiroi aldizkarirako sortutako 'Basolatik berri onik ez' komikia
XABIROI WEBGUNEA KOMIKIAREN TEASERRA Musika: Julen Irazoki DAPA-ren bideoa
'Eusklabo Alaiak' eta 'Sugarren mende' komikiek bigarren edizio bat izan zuten.
2022 AMAIUR LIBERA STATE
Sarako idazleen biltzarrean aurre aurkeztu ondoren, 2022ko apirilaren 16an Amaiurko plazan 'Amaiur. Libera state' Asisko Urmenetaren komikia aurkeztu zen.
2022ko urrian 'Barruan gaude' EITBko Podcastean elkarrizketa luzea egin zioten
Asisko Urmenetaren ‘Amaiur! Libera State’ lana Korsikako Aiacciuko Nazioarteko Komiki Azokaren 20. edizioan sari bat jaso du. Portugalgo Central Commics atariak ere 'Prémio Especial Honorário' saria eman die Asisko eta Herrima argitaletxeari
2023 GORA EUSKAL HERRIENTSAK
2023 urtean Begiraleak EKE/ Herrima / Gure Berriak / Erroa elkarteen lankidetzari esker Asiskok 'Gora euskal herrientsak!' komikia argitaratu du, XX mende hasieran hezkuntzan eta kulturan aitzindari izan ziren emakumeak haintzat hartuta. Liburua argitaratu bezain pronto Donapaleun, Durangon eta Errenterian komikiaren aurkezpenak antolatu ziren, eta ordudanik herriz herri saio ugari egin ditu Asiskok.
Irratia elkarrizketa France Bleun
Biba zuzek saioan elkarrizketa, 47. minututik aurrera.
BASOLATIK BERRI HONIK EZ: BIGARREN LIBURUKIA
https://www.noticiasdegipuzkoa.eus/cultura/2024/03/31/joseba-larratxe-itzulia-kartela-komikigintza-euskaraz-8051913.html Joseba Larratxe ‘Josevisky’ Basolatik berri onik ez komikiaren bigarren liburuki bat plazaratzeko sortze lanetan ari da.
'NI EZ NAIZ SORGINA' DOKUMENTALA
Asisko Urmeneta dokumental baten sorkuntzan murgilduta dabil: 'Ni ez naiz sorgina. Suak errerik, keak gorderik' izenburupean garatzen ari den proiektuan besteren artean Aitor Karasatorre eta Eneko Gallartzagoitia diru lagun, eta 2025eko ekainean Auritzen estreinatuko da.
Ataungo VII. Mitoaldia programan hitz egin zuen egitasmo honi buruz
Elkarrizketa gazteleraz Noticias argitalpen taldean
Diru bilketa antolatu da proiektua sustatzeko.
2024: JOSEPH CAMINO SARIA
2024 urtean Asisko Urmenetak Joseph Camino saria jaso zuen. Azaroaren 16ean izan zen Hernanikomik jardunaldien baitan.Azaroaren 15etik 29ra, Biteri Kultur Etxean Asiskoren ibilbide profesionala erakusten duen lanen erakusketa ikusteko aukera izango da.
Etorkizuneko proiektuen artean, Asisko Urmenetak adierazi izan du Mireille Fanonekin elkarlanean aritzeko asmoa zuela proiektu berri batean, Eusklabo Alaiak komikiko protagonista ziren Robinson Crusoe eta Hazurbeltz tartean direla.
EUSKARAZ ARGITARATUTAKO KOMIKIAK
DATA | IZENBURUA | ARGITARATZAILEA | GIDOIA | MARRAZKIAK | JATORRIZKO HIZKUNTZA | ITZULTZAILEA | JATORRIZKOAREN URTEA |
---|---|---|---|---|---|---|---|
2023 Azaroa | Gora euskal herrientsak | Begiraleak EKE/ Herrima / Gure Berriak / Erroa | Asisko | Asisko | Euskaraz jatorrizkoa | 2023 Azaroa | |
2022 Apirila | Amaiur. Libera State | Gaztelu Elkartea/ Herrima / Gure Berriak / Erroa | Asisko | Asisko | Euskaraz jatorrizkoa | 2022 Apirila | |
2022 APIRILA | Amaiur 1522 | Gaztelu Elkartea/ Herrima / Gure Berriak / Erroa | Asisko | Asisko | Hitzik gabekoa | 2022 Apirila | |
2020 | Sugarren mende | Gure Berriak / Erroa / Lapurdi 1609 elkartea | Asisko | Asisko | Euskaraz jatorrizkoa | 2020 11 Azaroa | |
2020 10 URRIA | Basolatik berri onik ez | Ikastolen Elkartea/Xabiroi | Asisko | Joseba Larratxe Josevisky | Euskaraz Jatorrizkoa | lehen atala 2017ko otsaileko Xabiroi aldizkariaren 43. zenbakian eta 2020ko ekaineko 56. zenbakian azkena | |
2019 | 1620 Nafarroa Beheregaina | Nabarralde | Asisko | Asisko | Euskaraz jatorrizkoa | 2019 11 Azaroa | |
2018 AZAROA | Aztihitza | Erroa / Gure Berriak /Herrima / Prefosta | Asisko | Asisko | Euskaraz Jatorrizkoa | 2018 11 Azaroa | |
2017 | Eusklabo alaiak | Gure Berriak | Asisko | Asisko | Euskaraz Jatorrizkoa | 2017 10 URRIA | |
2010 | Okatxu | Argia/Komunikazio Biziagoa Euskal Herriko Artzainak/Kukuxumuxu | Mattin Irigoien | Asisko
(kolorea Adur Larrea) |
Euskaraz Jatorrizkoa | 2009/2010ean Argia aldizkarian atalez atal | |
2003 11 AZAROA | Gartxot | Argia/Komunikazio Biziagoa /Absurde | Asisko | Marko Armspach (marrazkiak) Jokin Larrea (kolorea) | Euskaraz Jatorrizkoa | 2003ko Maiatzaren 18an Argia aldizkarian hasi ziren argitaratzen zatika eta ondoren argitaratu zen album moduan | |
1996 | I’am Pellot, Biba Festa | Argia/Komunikazio Biziagoa | Asisko | Asisko | Euskaraz Jatorrizkoa | Argia aldizkarian hasi ziren komikiak argitaratzen zatika eta ondoren argitaratu zen album moduan | |
1994 | Erraondo | Arturo Campion Kultur Elkartea / IKA | Asisko Arturo Campionen ipuin bat jatorri | Asisko | Euskaraz Jatorrizkoa | 1994 | |
1988 | Hegoekialde urruneko legenda | Napartheid | Asisko | Asisko | Euskaraz Jatorrizkoa | 1988ko neguan hasi zen atalka agertzen Naparthei fanzinean eta ondoren argitaratu zen album moduan |
WEBGUNE ETA SARE SOZIAL PERTSONALAK
* Intzuratik (Eusklabo Alaiak)