ZaldiEroa

komikipediatik
Hona jauzi: nabigazioa, bilatu

Patxi Huarte Larraburu, Zaldieroa Faltzesen 1966 urtean jaiotako komikigilea da; hiru urte zituela bere familia Iruñeara lekutu zen.

HASIERA: KORROK, NAPARTHEID, TMEO...

Argiaaldizkariak egindako elkarrizketa batean kontatu zituen marrazkilari bezala emandakolehen pausuak

"Zure lehen marrazkiak Korrok aldizkarian kaleratu ziren. Zer giro zegoen Iruñean urte haietan? Zerk bultzatu zintuen marraztera?

Paraiso irratian nengoen, irrati libre bat, Iruñean egon zen lehendabizikoa, eta han aditu nuen marrazkilari bat behar zutela Korroken. Deitu eta hasi egin nintzen. Euskal kulturan zerbait egin nahi nuen, ze nik ikastolan ikasi nuen, baina atera bezain pronto euskara galdu nuen. Ez nuen hitz egiten, ez nengoen inolako giro euskaldunetan sartua… Halako kontzientzia bat piztu zitzaidan, eta Korroken hasi nintzen. " Ondoren AEK-n lanean hasi zen, didaktika arloko marrazkiak egiteko.

Eta erabiltzenduen goitizenari buruz hauxe dio "Marrazten hasi nintzenean. Zaldi Eroaren aldeko pintadak egiten nituen, Crazy Horseren aldekoak. Hasieran gazteleraz izaten ziren: Caballo Loco vive. Gero euskaldundu nintzenean, kontzientzia euskalduna hartu nuenean esan nahi dut, Zaldi Eroa izena hartu nuen"


1988 urtean Napartheid komiki aldizkariaren sorreran parte hartu zuen: taberna batean Asisko Urmenetarekin solasean zeudela Nafarroan euskarak eta euskaldunek bizi zuten egoerari buruz, erabaki zuten komiki baten bidez beraien ekarpena egitea, eta fanzinearen lehen alea 1988ko abenduan kaleratu zen zen, Iruñean euskararen alde antolatu zen manifestazioan banatu ahal izateko.

Berria egunkariari eskainitako elkarrizketan Napartheiden sorreraz mintzatu ziren bi autoreak:

"Gogoan du Urmenetak Roch kafetegiko eszena hura: «Aipatzen hasi ginen ez zegoela eskubiderik, gure etxean bertan baztertuak ginela, eta bazegoela zerbait egiteko beharra. Kasualki, Patxik [Huarte] marrazten zuen, nik marrazten nuen, eta biok geunden ostia txarrez». Ondorioa argia zen: aldizkari satirikoa sortu zuten, «oihu kolektibo bat injustizia baten aurrean»."

Berriako elkarrizketan komikia euskaraz sortzearen beharraz eta "zu zeuk egin ezazu” izpirituaz mintzatzen dira ere bi marrazkilariak

Fanzinearen izenburua Huarteren kezka batetik iritsi zen: «Garai hartan, Komite Internazionalistetan militatzen nuen, eta, han, bereziki Palestinarekin, Sahararekin eta Latinoamerikarekin egiten zuten lan. Afrika ez zen existitzen. Nik esaten nuen Hego Afrikan apartheid-a faxismo erabatekoa zela, eta zerbait egin behar zela». Egoerak konparaziorako aukera eman zuen: «Euskararen Legea onartu zenean, pentsatu genuen: 'tira, Hego Afrikan bezala'. Azkenean, Nafarroan ere, bi garapen mota planteatzen zituzten. Agintarien planteamendua zera zen: 'Denon garapenaren alde gaude, baina diferenteak garenez, bi garapen mota behar dira, denona eta euskaldunena'. Hori apartheida zen, Afrikan egiten zen gauza bera. Han esaten zuten: 'beltzen garapenak ez du gureak duen abiadura bera'». Hitz-jokoari heldu zioten orduan, eta Napartheid izena jarri zioten fanzineari. Azpileloa gehituko zioten geroago: Soweto? Nafarroa baino hobeto. Fanzinearen lehen zenbakia 1988an kaleratu zuten eta azken alea 2001 urteanargitaratu zen. Guztira 13 urtetan zehar 30 ale inguru argitaratu ziren.

Napartheid aldizkaritik hainbat komikilari ezagun pasa ziren: Paxkal Bourgoin, Mikel Urmeneta, Xamar, Niko Moreno, Txiki, Juan Arrosagarai, Marko, Iren Borda, Asisko Urmeneta, Zaldieroa, Pernan, Mattin, Peli...

Garai berean ZaldiEroa Tmeo aldizkarian argitaratzen hasi zen , euskaraz eta gazteleraz, komiki zinta edo eta orrialde pare bateko istorioekin. 1998 urtean TMEOk album batean jaso zituen bere lan batzuk: Perro Policia, Iosu Kristo,Lakandona ohianeko kontuak...


ZINTAGINTZA: NAFARKARIA,KARRIKA ALDIZKARIA...

Gaur egun ZaldiEroaren lanik karakteristikoenak diren komiki zinta edo banda formatuko komikien jatorria 90. hamarkadan kokatu daiteke, jarraikortasunez bere lanak Euskaldunon Egunkariaren Nafarkaria gehigarrian eta Karrikiri Iruñeako euskaltzaleen elkarteak argitaratutako Karrika aldizkarian agertzen hasi zirenean.

1991ko abenduaren 6an kaleratu zen Nafarkariaren lehen zenbakia, hau da, euskarazko egunkaria sortu eta urtebetera, 2002ko uztailaren 26an eten zuen bere bidea, Nafar Gobernuaren diru laguntzaren iturria moztuta. Gehigarria ostiralero ateratzen zen, eta Egunkariarekin batera banatzen zen, baina Nafarroan bakarrik.

Euskaltzaidiari esker Nafarkariaren ale guztiak eskuragarri daude, eta ZaldiEroaren zintak azken orrialdean ikusi daitezke Asisko Urmenetaren marrazkiak ere Nafarkarian agertzen ziren.

1997an plazaratu zen lehen aldiz Iruñeako Karrikiri euskara elkarteak argitaratutako Karrika aldizkaria. Hasieratik Patxi Huarteren marrazkiak eta zintak txoko berezia izan zuten aldizkarian. Karrikikiren webgunean daude ikusgarri garai horretako zintak

Gehigarri horietan eta TMEO fanzinerako egindako lanetan agertu zen lehen aldiz Noski Jator pertsonaia, Euskadi 3000 saileko errobotak, lulubel ardia, Euskal Taliban Jatorra eta Yoda, Nafarroa Kapitaina eta Petilla komandanteordea, Mongolo eta Gizon Jakintsua, Nafarroako katebegi galduak, Euskal Michael More, Txosten eta Emendakin...eta hasiera hasieratik Patxi Huarte bera zintetako pertsonai bat gehiago bilakatu zen. Natura, euskara, agintarie agintekeriak, Sanferminak... izan dira ordudanik ere erabili diuen gaietako batzuk.


Martin Ugalde Kazetaritza Saria

EGUNEROKO ZINTAK

Gehigarri eta fanzineek argitalpen epealdi zabalagoak izaten dituzte, eta Patxi Huarteri 2003 urtean Berriak eman zion aukera egunerokoari lotutako komikigintza maiztasun handiagoz lantzeko aukera. Tartea gehigarrian lehenik eta gero Iritzia atalean De rerum natura saila sortu zuen.

http://www.argia.eus/argia-astekaria/2079/ez-nik-ez-nuke-ergatiboa-kenduko/osoa?ids=argia-astekaria/2079/ez-nik-ez-nuke-ergatiboa-kenduko/osoa [Argiako 2007ko elkarrizketan zera dio] " Ni beldurrez hasi nintzen eta Berriakoei esan nien ez nuela nire burua ikusten eguneroko lan horretan. Eta beraiek nahi nuen epea hartzeko esan zidaten, “egon zaitez hilabete batez edo bi hilabetez eta gero ikusi”. Eta hasi bezain laster beldurra galtzen joan nintzen, gero eta gauza pertsonalagoak egiten. Zenbat eta lan pertsonalagoak egin orduan eta harrera hobea nuen… Alde horretatik oso pozik nago."

Egunkariko lanaz gain, aldizkarietan beste formatuetako lanak egiten ditu: Nabarra, Aizu! Deia egunkariko Ortzadar gehigarrian, Bertsolari http://www.bertsolari.eus/k/komikiak/zaldieroa/ aldizkarian... eta Xabiroien Arranotxu pertsonaiaren istorioak. Berrian Juan Kruz Lakasta Euskalerria irratiko lankidearekin Serio Demonio atala egiten zuten, testu eta marrazkiekin.


BILDUMAK

2005ean De rerum natura komiki zinten lehen antologia argitaratu zuen eta bigarrena 2007an kaleratu zen.

2009an Patxi Huartek prentsa idatziaren Argia saria irabazi zuen.

Hirugarren bilduma 2010ean agertu zen, laugarrena 2011n, bosgarrena 2013an, seigarrena 2015ean eta zazpigarrena 2017an.

Erakusketa antologikoa Ondarroan.

2016an,"Tirabirak/Tiras que aflojan" izeneko proiekturako jaso ziren bere hitzak eta komikiak, beste hainbat marrazkilariekin batera euskal gatazka prentsako binetagileen ikuspegitik nola jorratu zen islatzeko asmoz.

H28

2005 urtean lehen aldiz bildu ziren liburuki batean Patxi Huarteren zintak, eta Ikasbil Habeko atarian elkarrizketa egin zioten horren arira.

Beste erantzun batzuren artean, hauxe esan zuen egunkariko bere ataleko zinten goiburuari buruz


" 'De Rerum Natura' (Gauzen izaeraz, Lukrezio filosofo-poetak bere gogoetak biltzen zituen obrari emandako izenburu bera): titulua ez al da handigura samarra? Zer adierazi nahi zenuke horren bitartez?

Aldrebes. Oso titulu umila da. Niretzat 'hitz egin dezagun edozein gauzaz' moduko zerbait da. Egin dezagun inguratzen gaituzten gauzen katalogo bat. Baina aldi berean badu 'natura' hitz zoragarri hori, oso Zen bihurtzen duena, badakizue: gauzen funtsa eta irudia, zer da erreala, zer da ilusioa (dena da ilusioa). Handiguraren trazak igual latinez dagoelako izango ditu, Kultura hermetikoaren guruek erabiltzen dutena. Baina nik Lukreziogandik atera nuen eta ez Latin departamentu arrandioz batetik. Esan nahi dut, Luterok zioen moduan, Jainkoarekin hitz egiteko ez dela artekaririk behar.


Egunkariko lanak liburu batean biltzeko, zer izan da akuilu handiagoa: artistaren banitatea, ala lagunen laudorio eta eskeak? Laudorio eta eskeek banitatea puztu eta horrelako erabakiak hartzera bultzatzen gaituzte, noski. Dena den, kalitate bat bazegoela eta merezi zuela pentsatzen nuen, eta horrela dela beste batzuek ere baieztatu didatenez ba, tira, erabakia hartu nuen."

DATA IZENBURUA ARGITARATZAILEA GIDOIA MARRAZKIAK JATORRIZKO HIZKUNTZA ITZULTZAILEA JATORRIZKOAREN URTEA
2017
2017 dererum.jpg
De Rerum Natura 7 Elkar ZaldiEroa ZaldiEroa Euskaraz Jatorrizkoa 20152ko abuztutik 2017eko uztaila arte Berria Egunkarian eta Deiaren Ortzadar gehigarrian argitaratutako zintak
2015
2015 de rerum natura.JPG
De Rerum Natura 6 Elkar ZaldiEroa ZaldiEroa Euskaraz Jatorrizkoa 2013-2015 urteen artean Berria Egunkarian eta Deia-ren Ortzadar gehigarrian argitaratutako zintak
2013
Rerum 5.jpg
De Rerum Natura 5 Elkar ZaldiEroa ZaldiEroa Euskaraz Jatorrizkoa 2011ko irailetik 2013ko uztaila arte Berria egunkarian eta Deiaren Ortzadar gehigarrian argitaratutako zintak
2011
Rerum 4.jpg
De Rerum Natura 4 Elkar ZaldiEroa ZaldiEroa Euskaraz Jatorrizkoa Berria egunkarian eta Deiaren Ortzadar gehigarrian argitaratutako zintak.
2010
Rerum 3.jpg
De Rerum Natura 3 Elkar ZaldiEroa ZaldiEroa Euskaraz Jatorrizkoa 2010 urte hasieratik 2011ko uda bitartean Berria egunkarian eta Deiaren Ortzadar gehigarrian argitaratutako zintak.
2007
Rerum 2.jpg
De Rerum Natura 2 Elkar ZaldiEroa ZaldiEroa Euskaraz Jatorrizkoa 2005eko udatik 2007ko uda bitartean Berria egunkarian argitaratutako zintak.
2005
Rerum 1.jpg
De Rerum Natura 1 Elkar ZaldiEroa ZaldiEroa Euskaraz Jatorrizkoa
1998
Zaldieroa tmeo.jpg
Zaldieroa Colección Tmeoi nº13. Ezten Kultur Taldea / Tmeo ZaldiEroa ZaldiEroa Gazteleraz eta euskaraz Tmeo Aldizkarian argitaratutako zintak eta istorioak