Txikiberri Argitalpen-zigilua
2020 ASTIBERRI INFANTIL/TXIKIBERRI ARGITALPEN-ZIGILUA
Helduentzako komikigintza eta eleberri grafikoa kontzeptuaren inguruko lanak izan dira Astiberriko ardatza, baian bere ibilbiean zehar haur eta gaztetxoentzako zenbait komiki argitaratu izan ditu (ikus artiluku honen amaieran): haur eta gazte literaturan emandako benetako pausua 2020 urtean iritsi zen, Astiberri infantil/Txikiberri Argitalpen-zigiluaren sorrerarekin.
Astiberri argitaletxearen eskutik Astiberri Infantil/ Txikiberri Argitalpen-zigilua 2020ko martxotik aurrera gazteleraz, euskaraz eta katalanez haurrentzako komikiak argitaratzeko proiektua jarri zuten martxan: COVID19 egoera dela eta ez zen erraza izan argitalpenen martxa zehaztea, baina Astiberrik azkenean lortu zuen aurreikusitako album guztiak kaleratzea. Lehen alea maiatzaren 28an iritsi zen liburudendetara, Adrien Albert autorearen 'Claude eta Morino 1. Madarikazioa' komikia; uztailean Martín Romeroren "Uxío" argitaratu zen, urrian merkaturatu zen Romain Pujol eta Vincent Caut autore frantziarren Biga 1. Benetan identifikatu gabeko animalia eta azaroaren 19an Emily Tetriren "Tiger Vs. Nightmare" (8 urte azpikoentzako mailan Eisner Sari bat jasotakoa). Komiki hauetako batzuk hasiera/bukaera eskema duten kontakizunak dira, baina beste kasu batzuetan liburuki anitzez osatutako sailek osatzen dute Txikiberri, beraz oso argitalpen interesgarriak izan daitezke haur literaturaren munduan pertsonai identifikagarriek eta "sagek" duten garrantzia kontuan hartuta. Komiki gehienak gazteleraz, euskaraz eta katalanez argitaratu dira, baina batzuk soilik gazteleraz argitaratu dira. Argitaletxearen arabera, 6 urtetik gorako haurrei zuzenduta dago Argitalpen-zigilu hau, baina bere baitan, gazteleraz soilik izan arren, badira gaztetxoentzako komikiak ere. |
`Claude eta Morino´ komikiaren kaleratzearen arira, Imanol Mercerok 'Claude eta Morino' komikiari buruzko iruzkina egin zuen Berrian "Olatu berria ote dator?" izenburupean, eta Astiberrik irekitako bideari buruzko hausnarketa egin zuen, haurrentzako bereziki sortutako komikikiak hizpide hartuta.
Txikiberri Argitalpen-zigiluaren baitan bigarren komikia 'Uxío' izan zen, uztailean argitaratua
Martín Romero galiziarrak sortu dituen istorioek "mutiko baten abentura eta gorabeherak umorez, poesiaz eta bizitasunez jasotzen dituzte, pare bat orrialdetako kontakizun laburretan bildurik. Horietakoren batean, parte hartzeko ere eskatuko dio irakurleari."
Jatorrizkoa galegoz 2019an A Coruñako Diputazioak ematen duen Castelao komiki saria lortu zuen, haur eta gazteentzako atalean.
Udazkeneko haurrentzako komikiak Romain Pujol eta Vincent Caut autore frantziarren eskutik eta AEBtako Emily Tetriren eskutik iritsiko dira.
Astiberrik euskarazko komikigintzarako pausua eman zuenetik Bego Montorio Uribarren izan da euskararazko bertsionen arduraduna: Txikiberri sailean ere 2020ean ‘Claude eta Morino’ eta ‘Uxío’ komikiak euskararatu ditu Montoriok, baina urte honetan beste itzultzaile bat ere hasi da Astiberrirako itzultzaile lanetan: Jon Muñozek ‘Biga’ eta ‘Tigrea amesgaiztoaren kontra’ komikiak itzuli ditu, eta orain bi itzultzaile hauei esker irakurri daitezke euskaraz Astiberriko komikiak.
2021 TXIKIBERRI: ISTORIO BERRIAK ETA JARRAIPENAK
2021 urtean Txikiberri Argitalpen-zigilupean Anouk Ricard frantziarraren 'Patti eta inurriak' Komikia argitaratu zuen Astiberrik.
2020 urtean hasiera izan zuten pertsonaien sail batzuk jarraipena izan zuten:'Claude eta Morino' sailaren bigarren albuma eta 'Biga' saileko bi liburuki argitaratu ziren.
Baina Txikiberriko komiki guztiek ez dute euskarazko bertsiorik... 2021ean soilik gaztelaniaz argitaratu ditu Astiberrik adinez nagusigoak diren haur eta gaztetxoentzat bideratutako 3 komiki: 'Los Muértimer','Utralazer' eta 'Nimona'.
2021 urtean Astiberrik ez zuen helduentzako euskarazko komikirik argitaratu.
Bego Montorio Bizkaia Irratiko 'Irakurrieran' saioan Txikiberri Argitalpen-zigiluaz mintzatu zen.
2022 URTEA: EISNER SARI BAT EUSKARAZ
Txikiberri Argitalpen-zigiluaren baitan, 2022 urtean Álvaro Ortiz Zaragozarraren 'Iratxo txikia eta shatranj partida' argitaratu du Astiberrik eta BIGA sailaren 4. liburukia.
10 urtetik gorako irakurleentzat 2010 urteko 'Smile' komikia ekarri du euskarara Astiberrik. Eisner sari entzutetsua jaso zuen Raina Telgemeier egileak lan honi esker.
2023 URTEA: HAUR ETA GAZTE LITERATURA
Euskaraz argitaratzen dituen lanen artean Txikiberrikoak nagusi dira Astiberriren katalogoan.
Zenbait sailek jarraipena izaten ari dira, adibidez Martín Romero galiziarraren 'Uxío' 2 liburukia argitaratu da eta BIGA sailaren 5. liburukia bidean da.
Bestalde, gazte literaturaren baitan Josephine Mark alemaniarraren 'Txangoan txiripaz' argitaratu da, minbiziaren gaia zeharka lantzen duen komikia.
TXIKIBERRI SORTU BAINO LEHEN HAUR ETA GAZTETXOENTZAT ARGITARATUTAKO BESTE KOMIKIAK
DATA | IZENBURUA | ARGITARATZAILEA | GIDOIA | MARRAZKIAK | JATORRIZKO HIZKUNTZA | ITZULTZAILEA | JATORRIZKOAREN URTEA |
---|---|---|---|---|---|---|---|
2019 04 APIRILA | Waluk 3: Txakur handiaren bidea | Astiberri | Emilio Ruiz | Ana Miralles | Gazteleratik itzulia | Bego Montorio Uribarren | 2019, Waluk La ruta del Can Mayor Astiberri |
2018 ABENDUA | Waluk 2: Bidaia handia | Astiberri | Emilio Ruiz | Ana Miralles | Gazteleratik itzulia | Bego Montorio Uribarren | 2017, Waluk La gran travesiaAstiberri |
2017 URRIA | Waluk | Astiberri | Emilio Ruiz | Ana Miralles | Gazteleratik itzulia | Bego Montorio Uribarren | 2011, Waluk Astiberri |
2004 | Errege kalamitatea: Adalbertok ez du lotsa handirik | Astiberri | Lewis Trondheim | Fabrice Parme | Frantsesetik itzulia | Joxe Rojas | 2001, Le roi catastrophe, Delcourt |