César Oroz

komikipediatik
Hona jauzi: nabigazioa, bilatu

César Oroz Martija Iruñean 1968 urtean jaiotako nafar marrazkilari eta binetagilea da. Gazteleraz garatu du bere lana, baina 2023 urtetik aurrera Mintzoa argitaletxearen eskutik euskaraz ere irakurri daitezke bere komikiak, Nafarroako historiako une gogoangarriak jasotzen dituen bilduman.

14 urterekin Sanferminetako bere peña txikirako pankarta egin zuen eta 16 urterekin lehiaketa bat irabazi zuenetik jarraitu du langintza horretan, lehiaketak irabaziz edo enkarguz, helduen peña hauetarako: Irrintzi, Anaitasuna, Aldapa…

1986 urtean hasi zen astean behin Diario de Navarra egunkarian Osasuna eta futbolari buruzko komiki zintak egiten: 1989 urtean 'Humor en rojo' bilduma argitaratu zuen.

Karikatura eta umorea bere komikigintzaren ezaugarri nagusiak bihurtu ziren, eta apurka apurka Diario de Navarrako erredakzioko giroan barneratzen joan zen;  1991 urtetik eta gaur egun ere, asteartetik igandera  egunero 'Punto final' izeneko atalean agertzen da bere zinta, egunkariaren azkeneko orrialdean. Orozen webgunean daude ikusgai zinta hauek eta egunero argitaratzen duena.

Zintagintzan hasi zen garai horietan egunkari berean Piso de estudiantes' zinta ere argitaratu zuen astero eta 6 urtez iraun zuen egunkari bereko unibertsitateari buruzko gehigarrian.

'Punto final' zintaren ardatz nagusia Nafarroako politikagintza eta herrialdean gertatutakoak gizarte, kultur eta kirol gertaerak izaten dira: eguneroko zinta argitaratzen hasi eta gutxira Juan Cruz Alli izendatu zuten nafarroako Lehendakari, eta del Burgorekin izandako ikamikak ohikoak izan ziren zintetan; hurrengo urtetan protagonista bihurtu ziren Alfredo Jaime alkatea, Urralburu/Roldan auziak, ETAren jarduera, PSN-EA-IU gobernu laburra... Camille artzari buruzko zintetan agertu zen lehen aldiz Barcina abizena zuen Ingurumen kontseilaria, ondoren Iruñeako alkate eta Nafarroako lehendakari izango zena. Kiroletan lehen urte horietan Osasuna eta Indurain izan ziren nagusi.

Urtez urte Komiki bilduma ugari argitaratu dira zinta onenekin: Diario de Navarrako zinten 10 liburuki, "Piso de estudiantes" eta bi monografia, "Osa-su-na Nunca Se Rinde !!!" eta "Todo San Fermín. 20 años de fiesta y humor"...


Tirabirak proiekturako elkarrizketatu zuten eta ikusgai daude bere lanaren zenbait lagin. 2009 urtean Aritz Galarragak elkarrizketa laburra egin zion Argian.


2005 urtetik aurrera beste aldizkari batzuetan kolaboratzen hasi zen: El Jueves (2005/2011), Dominical ABC (2006/2010), Sibaritas (2005/2010), Actualidad Juridica Arantzadi (2013/2016) eta Orgullo y satisfacción.com (2014/2017) ...

Beste lan eta proiektu batzuk Tebeosfera atarian daude zerrendatuak.

Hainbat sari jaso ditu bere lanagatik: 1998 urtean ‘Más capas que una cebolla’, Iruñeako Kazetari Elkartearen eskutik, zinta onenari ‘Mingote’ eta ELGAR sariak , Napardi elkartearen Gallico de Oro, nafar irratigintzako hainbat sari.. 2022an Nafarroako Gobernuak ematen duen Karlos III.a Noblearen Gurutzea jaso zuen.

Zintagintzara mugatu gabe, beste proiektu anitzetan parte hartu du Orozek: 2006ko Sanferminetako zezen feriarako kartela egin zuen eta publizitatean aritu da, administrazio eta erakundeentzako lanak...

2010 urtean Nafarroako komiki azokaren lehen ediziorako ekimen honen irudi nagusia sortu zuen. Azokan bere ibilbideko hainbat laginekin erakusketa antolatu zen. Tuterako UNED egoitzan ere ikusi ahal izan zen.

Gai historikoak oso gogoko izan ditu Orozek: 2012 urtean Nafarroaren independentzia galera izan zituen hizpide '¿Por qué lo llaman anexión cuando quieren decir conquista?' proiektuan: Liburu baterako akuarelaz 30  ilustrazio egin zituen, eta Nafarroa zein Gipuzkoan erakusketa ugari antolatu ziren.

Historia ardatz duten beste lan batzuk "Lo que diga Shakespeare", "El euskera en el Códice Calixtino"... Nafarroako Komiki Azokarako Lizarrako Karlismoaren museoan erakusketak egin ditu ere.


2023-2024 NAFARROAKO HISTORIAKO UNE GOGOANGARRIAK EUSKARAZ[aldatu]

Euskaraz bakanak dira Orozen lanaz gozatzeko aukerak: Nafarroako Kontuen Ganberaren historia jasotzen du "Orduko aditzaileak oraingo auditoreak" komikiak. Komiki hauez dago salgai eta Kontuen Ganbaran egon da eskuragarri. Iker Tubiak Berrian komikiari buruzko artikulua egin zuen.

Peio Monteano Sorbet historialariaren 'Noain 1521' liburuan oinarrituta, César Oroz komikigileak ´Zirt-Zart Nafarroan. Noaingo Bataila 1521' komikia sortu du eta bi urtetako lanaren ondoren 2023ko azaroan argitaratu du Mintzoak, argitaletxearen 40. urteurrena ospatzeko jardueren baitan.


Euskalerria irratiak kontatu zuen bezala, Orozek bere burua idazlearen jarraitzaile sutsutzat aitortu zuen, eta horregatik, "erabateko zorroztasun historikoa" duen komikia dela uste du. Aritz Otazu editorearen hitzetan, "Nafarroako historia publikoari modu deseroso eta erakargarrian eramatea" da liburuaren helburua; "formatu honek errazago eginen du historia kontakizunen zabalkundea jendartean", gaineratu du.

Mintzoa eta Cesar Orozek akordioa egin dute datozen urteetan Nafarroako historiari buruz gutxienez 5 bat komiki liburu argitaratzeko.

2024 urteko udazkenean argitaratu da bigarren liburukia, 'Amaiur 1522. Inperioak berriz erasotzen du' izenburuarekin

Egilearekin elkarrizketa gazteleraz

EGILEAREN KOMIKIAK EUSKARAZ

DATA IZENBURUA ARGITARATZAILEA GIDOIA MARRAZKIAK JATORRIZKO HIZKUNTZA ITZULTZAILEA JATORRIZKOAREN URTEA
2024 URRIA
Amaiur Oroz eus.jpg
Amaiur 1522. Inperioak berriz erasotzen du Mintzoa Argitaletxea César Oroz César Oroz Gazteleraz Jatorrizkoa Andrea Ganchegui 2024 urria aldiberean gazteleraz eta euskaraz
2023 AZAROA
Noaingo bataila Mintzoa.jpg
Zirt-Zart Nafarroan. Noaingo Bataila 1521 Mintzoa Argitaletxea César Oroz César Oroz Gazteleraz Jatorrizkoa Andrea Ganchegui 2023 azaroa aldiberean gazteleraz eta euskaraz